XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3.2. Modernismoaren mugac

Alabaina, oraingoan, modernitatearen zama bezala karakterizatu dugun joera hau gehiago historizatu nahi nuke.

Izan ere badirudi badela kontraesan bat Atxagak azaldutako kontzientzia poetiko berriaren eta liburuaren egituraketa teleologiko honen artean.

Kontraesan hau, historikoki aztertuz gero, modernismoa oinarritzen den kontraesan bera dela ikus daiteke.

Modernismoak itxura desberdinak hartu baditu ere, Hegoamerika, Iparramerika, Portugal, Espainia, Ingalaterra, Frantzia eta Alemanian, eta beraz guztion kontu ematea zail bada ere, ingelesez, frantsesez eta gazteleraz idatzitako modernismoaren itzala nabaria da Potten eta, geroago ikusiko dugunez, Obabakoak-en.

Aurreko kapituluan aipatu bezala, T.S. Eliot, Pound, Yeats, Conrad edo Borges en (hala nola Pessoa eta Rilke-ren) indarra eta eragina garbi azaltzen da Pott taldean (Sarrionandia, Juaristi eta Atxaga bera barne).(28) Maila honetan, Kortazarren literatur kritikari ere, Paz-en itzalpean idatzia izan den aldetik, modernista eritziko nioke.

Are gehiago, Pott taldeak hartutako literatur jokaera eta ereduak oro har modernista direla defendatuko nuke.

Alegia, Europako literatur hegemonikoetan modernismoa desagertu den garaiotan, modernismo honek jarauntsi berezia utzi du zenbait 1iteratura ez-hegemonikotan, hala nola hegoamerikarra (Borges eta Cortazar zubi direlarik), espainiarra eta, gure kasuan, euskalduna.

Jamesoni jarraikiz ordea, bi modernismo bereziko nituzke.(29) Jameson, Fredric, Postmodernism or the Cultural Logic of Late Capitalism, Durham, Duque UP, 1991, 305. or.

II. Mundu Gerra aurrean hedatzen den modernismo lehena edo modernismo klasikoa (1880tik 1945-era arte edo hedatzen dena) eta gerraondoan luzatzen den modernismo berantiar eta kanonikoagoa (Borges, Nabokov, Beckett... ), modernismo garaia edo eritz dakiokeena (hor nonbait 1945etik 1980ko hamarkada arte hedatzen dena).

Zentzu honetan, euskal modernismotzat definitzen saiatzen ari naizena modernismo garaiaren seme litzateke.

Modernismo garai honen ezaugarriak garbiak dira.

Modernismo klasikoak bezala literatura zeregin autonomotzat defendatzen du modernismo garaiak.

Baina modernismo klasikoak eta abangoardiek (futurismoa, surrealismoa, Nouveau Roman-a...